miércoles, 8 de agosto de 2007

GORPUTZ HEZKUNTZAN ORDU MURRIZKETARIK EZ

Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza (6-12 urte artekoa) ezartzen duen Dekretuaren zirriborroan (Euskal Curriculum Berria) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ondorengoa du helburu nagusitzat: “gizakiaren gaitasun guztien garapen integrala; hau da, gaitasun motore, kognitibo, komunikatzaile, sozial eta afektiboen garapena”.
Curriculum berri honetan kaltetu nagusia Gorputz Hezkuntza arloa da, ia %40ko murrizketarekin. Dekretu honekin Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek beraien gorputz eta motore gaitasunak garatzeko eta ariketa fisikoa egiteko eta ohitura osasungarriak eskuratu eta garatzeko denbora erdia izango dute.
Lehen Hezkuntzan adibidez, orain arte Gorputz Hezkuntzari astean 2,5 ordu eskaintzen bazitzaizkion, Curriculum Berriarekin ikastetxe bakoitzak bete beharreko gutxiengoa 1,5 ordukoa izango da, ikastetxe bakoitzak beharrezkoa ikusiz gero ordu gehiago eskaintzeko aukera izanik, horretarako erabilpen askeko orduak eta ikastetxearen autonomia pedagogikoa erabiliz.
Beraz, astean ordu eta erdirekin (oso zaila izango baita ikastetxeek Gorputz Hezkuntzari denbora gehiago eskaintzea eduki kognitiboei ematen zaien garrantziarekin eta gure agintarientzat gorputz eta motore garapenak duen garrantzi gutxiarekin) nola lortu behar dira GAITASUN MOTOREEN KONPETENTZIA (Curriculum Berri honetan modan dagoen hitza) MINIMOAK? Astean gorputzaren lanketari ordu eta erdi eskainita nola lortu daiteke GARAPEN INTEGRALA? Hala gorputz eta motore garapena adin hauetan ez ahal da garapen kognitiboa bezain garrantzitsua? Nora nahi dute iritsi Gorputz Hezkuntzako ordu murrizketa hauekin? Hurrengo neurria zein izango da, Gorputz Hezkuntza curriculumetik kanporatzea?...
Okerrena, Hezkuntza Sailak hau guztia nahiko ezkutuan eraman duela da, aprobetxatuz ikasturte amaiera eta EPEa, ia zalaparta handirik atera gabe onartzen den eta jendea ez den mobilizatzen. Betiko moduan, beste arlo batzuetarako (noski, garrantzitsuenetarako: matematika eta hizkuntzak) orduak behar badira, zeini kenduko, eta gorputz hezkuntzari kentzen dizkiote. Total, baloiarekin eta sokarekin jolastu beharrean hobeto daude ingelera edo matematika egiten. Zein gutxi baloratzen den GH arloa. Gainera ez dute ordu erdi kendu, ez, ia erdira murriztu dute.
Egoera honen aurrean, zerbait egin beharra daukagu. Onartezina da egun betetik bestera, eta gurekin kontatu gabe GH %40an murriztea. Egoerari buelta ematen saiatu behar dugu, batez era Gorputz Hezkuntza arloaren duintasunaren alde, bestela, hurrengo pausoa GH derrigorrezko hezkuntzatik ateratzea izango baita, horrek suposatuko lukeenarekin. Aurreko esperientziengatik, badakigu zalapartarekin eta mobilizazioekin “zerbait egin daitekeela”, azken batean politikariei horrek ematen baitie mina.
Uztailean zenbait jende mugitzen hasi zen eta irailaren 8an, Durangoko Ibaizabal Ikastolan, goizeko 11etan biltzeko geratu ziren. Bertara gizarte arloko eta irakaskuntzako sektore guztiak daude gonbidatuta, eta noski, garrantzitsua izango da Gorputz Hezkuntza arloko irakasleon parte hartzea. Bilera honen helburua egoeraren berri ematea eta aurrerantzean zer egin behar den aztertzea dira.
Mezu hau zabaltzea komeni da, bilera horretan ahalik eta jende gehienek parte hartu dezan.
MURRIZKETARIK EZ, GORPUTZ HEZKUNTZAKO ORDU GEHIAGO ALDARRIKATZEN DITUGU

No hay comentarios: